GREBA OROKORRA
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuok (Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta Etxebizitza Sindikatuen Sarea) azaroaren 11n deitutako grebara joango garela iragartzen dugu eta langile klaseari greban parte hartzeko deia luzatzen diogu.
Une honetan, lan-arloko sindikatuekin hitz egiten ari gara, etxebizitza-eskubidearen aldeko greba orokorra antolatzeko. Gure helburua da etxebizitzaren aldeko mugimenduak rol protagonikoa izatea mobilizazio horietan, eta ildo horretan lan egingo dugu. Etxebizitza Sindikatuon ustez, etxebizitzak eskubide bermatua izan behar du, eta helburu hori lortzeko bide bakarra espekulazioarekin eta errentismoarekin erabat amaitzea da.
Badakigu, hala ere, helburu hori ez dela lortuko kanpaldi batekin edo greba batekin, eta horregatik antolatzeko eta borrokatzeko deia zabaldu nahi dugu. Langile klasearen indarrak handitu behar ditugu, gehiago izan behar dugu, kontzientziatuago eta hobeto antolatuta egon behar dugu datozen hilabeteetan ireki daitekeen edozein agertokitan: bai eskuineko gobernu baten neurri atzerakoiei aurre egiteko, bai PSOEren gobernu berri bat egongo balitz benetazko hobekuntzak behartzeko.
Datozen egunetan deialdien xehetasunen berri emango dugu, zehazten diren heinean.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista