Etxetik urrun bizi diren (edo bizi izan diren) aldaketa-eragileen topaketa #Gune Irekia #Pasioa #Ardura #Auto-antolakuntza #Sorpresa
INFORMAZIO OROKORRA
Arazoa
Munduko hainbat lekutan emandako gatazka belikoen gorakadak, COVID-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomikoak eta krisi ekologikoak pertsona asko bizitzeko leku berriak bilatzera behartu dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoan, 2023an nazioarteko babes-eskaerak % 50 igo ziren, aurreko urtearekin alderatuta.
Deialdia
Testuinguru horretan, "Lurra Prestatzen" topaketak etxetik urrun bizi diren edo bizi izan diren aldaketa eragileak diren pertsonak bildu nahi ditu Bilbon (Euskal Herria, Espainiako estatua). Hau da, "gizarte-arazoei aurre egiteko sormen-ekintzak egiten dituzten pertsonak" (Ashoka, 2016:2) eta aldi berean Bilbon edo, oro har, Euskal Herrian haien etxetik urrun bizi direnak. Halaber, noizbait etxetik urrun bizi izan diren euskal aldaketa-eragileei dei egiten zaie baita ere.
Topaketa honen inspirazioa honakoa da: gure jatorrizko sare, tradizio eta tokietatik urrun bizi garela ekimenak sortuz eta/edo horietan lagunduz, gure bizitzen garapenari aurre egitearen konplizitate horretan gogoeta egiteko aukera izatea.
Noiz eta non
Lurra Prestatzen azaroaren 9an, larunbata, egingo da KOOP SF 34n: Bilboko eta, oro har, Euskal Herriko lankidetza eta kultura arteko lanaren erreferentziazko gunea da KOOP SF 34 eta proiektu honen antolatzailekidea da baita ere.
Nola
Jardunaldia Gune Irekia metodologiarekin bideratuko da, mundu osoan aintzatespena duen tresna. Ideien konplexutasuna eta aniztasuna baliatzen ditu, pertsonen autoantolaketa bultzatuz, gehien axola zaizkiengaiak proposatzeko eta horiei buruz hitz egiteko. Topaketa gidatuko duen galdera honako hau izango da: Nola elkar lagundu Euskal Herrian integrazioa sustatzeko etxetik urrun bizi garenok edo bizi izan garenok?
Zertarako
Nazioarteko ezegonkortasuna eta migrazio-fluxuak areagotzen ari diren testuinguru batean, badakigu zenbait ideia pentsatuak eta garatuak izateko zain daudela, baina ideia horiek ez direla lotu ernetzeko eta agertzeko beharko lituzketen ekimen, historia, kritika edo galderekin. Lurra Prestatzen taldeak badauzka pertsona egokiak biltzeko eta testuinguru bat behar bezala errazteko tresnak, esperientzia eta elkarrizketa esanguratsuak gerta daitezen.
Parte hartzea
Hurrengo esteka honetan inskriba zaitez: https://forms.gle/Y4jSvK25xhnW2qcx7
Oinarrizko ezaugarriak eta helburuak
Helburua
Lurra Prestatzen-ek Euskal Herrian kultura desberdinak integratzeko eta gizarteratzeko erronkari heltzen dioten pertsonen eta proiektuen arteko hausnarketa eta lankidetza sustatzea dauka helburu.
Funtsezko jarduerak
Gune Irekia metodologiak inspiratutako deialdi eta fazilitazio estrategiak jarraituko ditugu. Proiektuak nabigatzeko eta konplexutasun handiko topaketak egiteko duten gaitasuna aprobetxatuko dugu pertsonarik egokienak biltzeko, eta entzuteko, errespetatzeko eta partekatzeko testuinguru egokia sortzeko.
Ekitaldia doakoa izango da, elikadura emango da eta umeentzako haurtzaindegi zerbitzua egongo da, ahal den neurrian, deitutako pertsonek parte hartzeko aukera handiena izan dezaten. Finantziazioa alderdi horiek betetzeko behar da batez ere.
Espero diren emaitzak
Topaketatik honako hauek sortuko dira:
• Egiten diren solasaldien aktak jasoko dituen txosten bat.
• Parte-hartzaileen testigantzak eta esperientziak bilduko dituen bideo bat.
• Analisi kontzeptual baten bidezko ikerketa, bideoa, txostena eta bideratze-taldearen esperientzia sargai nagusi gisa erabiliz.
Zerk bultzatzen zaitu eta zeini zuzenduta dago proiektua
Norekin
Lurra Prestatzen-ek Bilbon (Euskal Herria, Espainiako estatua) etxetik urrun bizi diren edo bizi izan diren aldaketa-eragileak biltzea du helburu. Euskal Herrian beren sareetatik, tradizioetatik eta sorlekutik urrun ekintza sortzaileak ekiten ari diren eragile kultural, artistiko, sozial, ekonomiko eta/edo hezitzaileak dira.
Historian zehar, euskal herritarrek bere lurraldetik ihes egin behar izan dute, arrazoi politiko eta ekonomikoengatik, bizitza hobe baten bila, eta munduko hainbat lekutan harrera egin zaie. Gure ustez, historia horren oinordekoek balio kalkulaezina izan dezaketen ikaskuntzak dakartzate.
Zerk mugiarazten gaituen
Gure ustez, Euskal Herriaren etorkizun ekonomiko, sozial eta kulturala aniztasun soziokultural handiko testuinguruetan sortzen diren desberdintasunei aurre egiteko gaitasunean dago jokoan, bai eta oraindik ere itzalpean daudenak identifikatzeari aurrea hartzeko gaitasunean.
"Lurra prestatzeko" lana egiteak askotan ikusezin bihurtzen den lana erreskatatzea dakar, funtsezkoa dena gero erein eta uzta bildu ahal izateko. Era berean, metafora horrek ingurunearen zenbait ezaugarri aldatzea garrantzitsua dela erakusten du, baldintzak hobetuz, unea iristen denean hazi batzuk erna daitezen.
Inspiratzen gaituzten printzipio batzuk
Miaketa
Ez dago itxaropen zehatzik prozesu baten emaitzari edo jarraikortasunari buruz. Ekimen hau pizten duena ezaugarri eta istorio jakin batzuk dituzten pertsonak elkartu eta galdera zabal eta metodologia baten inguruan hitz egiteko jakin-mina da. Pertsona parte-hartzaileek erabakiko dute zertaz hitz egingo dugun.
Ikerketa
Mugarri hau jarduera gehiago ekar ditzakeen prozesu baten hasiera izan daiteke (edo ez). Hala balitz, ikerketa/ekintza parte-hartzailearen hurbilketatik aztertuko da, galdera honen pean: Zer elementu agertzen dira Euskal Herrian jarduten duten eta etxetik urrun bizi diren edo bizi izan diren aldaketa-eragileak hitz egitera biltzen direnean?
Justizia epistemikoa
Aitortzen dugu gure gizarte-aurreiritziek eta -imajinarioek kolektibo jakin batzuen ezagutzaren eta jakintzaren baliozkotasuna mehatxatu dezaketela, batez ere historikoki baztertuak izan direnena. Era berean, kontuan izan behar dugu pertsona batzuek oraindik behar bezala kontatu ezin diren esperientziak bizi izan dituztela, gure kultur-testuinguruak eskaintzen dituen interpretazio- eta kontzeptu-baliabideak falta direlako.
Periferietatik erdigunera
Espazio publikoan edo parte-hartzearekin lotutako edozein jardueratan, ez dauden pertsonak eta errealitateak egongo dira. Oro har, ez du nahi duenak parte hartzen, ahal duenak baizik. Gure gain hartzen dugu erronka demokratiko hau: jarduerak eta deialdia diseinatzerakoan aintzat hartzea, besteak beste, zainketa-lanak, hizkuntza-oztopoak, lan-prekarietatea eta beste arrazoi asko direla-eta, parte hartzeko ohiturarik ez duten absentzia horiek.
Inspiratu gaituzten irakurketa nagusiak
Rahman, R., Herbst, K., & Mobley, P. (2016). More than Simply “Doing Good”: A Definition of Changemaker. What Children, Truckers, and Superheroes all have in Common. Ashoka Changemakers.
Owen, Harrison (1997). Open Space Technology: A user’s guide. San Francisco: Berrett-Koehler Publishers.
Observatorio Vasco de Inmigración (2022). Tendencias y retos en la integración de la población inmigrante en Euskadi: análisis de la Encuesta de Población Inmigrante Extranjera (EPIE) 2018. Servicio Editorial de la Universidad del País Vasco.